miércoles, 14 de junio de 2017

XIV Berria Txapelketa. Erreka eta Tolosa finalerditara.

Esperientzia nagusitu da

Doneztebeko Errekak eta Tolosak ez dute hutsik egin Berria Txapelketan, eta elkarren aurka ariko dira finalerdietan, igande honetan


<b>Goian, Goikoetxea Tolosako kadete aurrelaria pilota jotzear; behean, Artola Gaztelekuko kadetea.</b>

Datorren igandean jokatuko dira XIV. Berria Txapelketako finalerdiak: Azpeitiko Ilunpe eta Usurbilgo Pagazpe lehiatuko dira batetik, eta Doneztebeko Erreka eta Tolosa bestetik. Azken bi taldeek joan den asteburuan lortu dute lau onenetan sartzea. Esperientzia baliatuta, Andoaingo Gazteleku eta Lazkaoko Lapke kanporatu dituzte.

ANDOAINEN

Gazteleku 1

Erreka 2

Iazko txapelduna da Doneztebeko Erreka, eta aurten ere txapelerako hautagai sendoa dela azaldu zuen igande goizez, Andoainen. Ondo merezita garaitu bazuen Gazteleku. Kadeteetan, hori bai, etxean geratu zen lehen puntua. Jaialdiko partida onena jokatu zuten gazteenek; ordubete pasako lana egin behar izan zuten, eta Artola eta Mujika gipuzkoarrek 22-15 garaitu zituzten Agirre eta Loiarte nafarrak. Sendotasunari esker irabazi zuten etxekoek.

Kolore gutxi izan zuen gazteen arteko norgehiagokak. Oso faborito ziren Salaberria eta Mariezkurrena nafarrak, eta 22-8 menderatu zituzten Osa eta Elizegi. Azken hori eskuetako minez aritu zen, eta gipuzkoarrek ezin izan zuten deus egin aurkariei eusteko. Mariezkurrenak aho zabalik utzi zituen hainbat ikusle.

Gauzak hala, nagusien arteko partidak erabakiko zuen guztia. Emozioa izan zen partida erdira arte: Onsalo eta Gorriti hobeto hasi baziren ere, Eskuderok eta Aizpuruk hamarna berdindu zuten lehia. Gogortasuna nagusitu zen, baina neurketaren bigarren zatian Onsaloren abiadura erabakigarri suertatu zen. 22-12 irabazi zuten nafarrek.

TOLOSAN

Tolosa 2

Lapke 1

Emaitza berarekin gainditu zuen Tolosak Lapke igande goizez, Tolosan, Beotibar pilotalekuan. Aurrez ere jakina zen kadeteen arteko puntua oso garrantzitsua izango zela, eta etxekoek lortu zuten garaipena. Goikoetxea eta Etxeberria gehiago izan ziren hasieratik, eta lortutako alde polita ongi kudeatu zuten. Senar eta Garmendiak estutu egin zituzten aurkariak bukaerara arte, baina 22-18koaz amaitu zen partida.

Gazte mailan, lazkaotarrek agindu zuten nabarmen. Zubizarreta eta Ruiz de Larramendik 22-3 menderatu zituzten Zalakain eta Auzmendi. Zubizarretak agerian utzi zuen aurrelaririk onenetakoa dela maila horretan. Nagusien norgehiagokak erabaki zuen kanporaketa, eta, espero bezala, Labaka eta Telletxea tolosarrek ez zuten hutsik egin: 22-10 gainditu zituzten Intxausti eta Garmendia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario